XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Idazterakoan...

HITZ BEREZITUAK ARGITU

Hitz berezituek edo terminoek ideia korapilatsuak zehazten laguntzen diete idazleei.

Horien bidez, luzamendutan ibili beharrean, kontzeptu trinkoa hitz batean edo bitan eman dezakegu.

Horregatik dira oso erabilgarriak adituen arteko komunikazioetan.

Baina herritarrei idazteko garaian arreta izan behar dugu: neurtu egin behar dugu zer dakiten eta zer ez.

Horrekin ez dugu esan nahi hitz bereziturik erabili behar ez denik, ezta hurrik ere.

Jendeak zenbait termino ezagutu egiten ditu, eta, bestalde, zenbait termino erabili gabe ezin da mezua zehatz eman.

Erraz idazteak ez du esan nahi umeen hizkerara jo behar dugunik, eta dena bi gauzatara mugatu.

Ez hori, ezta terminoak norberaren jakinduria agertzeko edo irakurleak gutxiesteko erabili ere.

Hala ere, zenbaitetan derrigorrezkoak direnez, hona hemen bide batzuk herritarrari ulertarazteko.

Glosarioak

Testua hitz berezituez josia dagoenean, komenigarria izan daiteke definizioen zerrenda edo glosarioa erastea, idazkia azalpenez betetzeak irakurketa astundu eta ilundu egin baitezake.

Hala ere, glosarioak ez du atxakia izan behar testua hitz berezituez gainezka agertzeko.

Glosarioak irakurleari laguntzeko dira, ez ordea, idazle alferren alferkeria areagotzeko.

Glosarioak edo definizioen zerrendak, non eta oso laburrak ez diren, idazkiaren bukaeran jarri behar dira, eta aurkibidean-edo ezagutarazi hitzen azalpenak non dauden.

Definizioak

Idazki batean termino gutxi agertzen bada, ez dago glosarioa erabili beharrik.

Horren ordez, hitz jakin horren definizioa eman daiteke.

Ikusi modu batzuk:

Definizioa parentesi artean terminoaren segidan

Egarbeek (teilatuari hormatik kanpora ateratzen zaion azpiko aldea, horma euritatik babesteko) ez dute hormarekiko 1,5 m-ko luzera gaindituko.